Breadcrumb

cdhernani

Club Deportivo Hernani 1940ko hamarkadaren hasieran sortu zen. Hasieran, atletismo eta boloen sekzioa ziren herrian modu antolatu batean aritzen zirenak baina, futbolak ere, herrian bere tokia bilatu zuen. Urte haietan, gaur egun Txantxilla auzoa ezagutzen den horretan, hilerria aurkitzen zen; hilerri abandonatua, iada itxita zegoena. Horrela, lur horiek futbolean aritzeko aprobetxatzen zituzten herriko gazte-kuadrilek eta benetako futbol zelaia bihurtu baino lehen, futbol txapelketa herrikoiak antolatu ziren. Bertan, lagun-kuadrilez gain, herriko enpresetako langileek ere parte hartzen zuten, Zikuñaga eta Papelera del Norte bezalako enpresak ordezkatuz. Txapelketa horrekin, jokalari batzuk elkartu ziren, pixkanaka talde izaera hartu zuten eta horiekin, CD Hernani sortu zen.

Ondorioz, 1951 urtean, Txantxila zelaia egin zen aipatutako lurretan. Urte askotan zehar probintziako zelairik onentsuena eta ezagunena izan zen; herritar ugari hurbiltzen ziren bertara etxekoak animatzera eta zaleak asko estutzen zituzten kanpotik zetozten taldeak. Urte onak izan ziren CD Hernanirentzat, beti talde ona eta lehiakorra izaten zen eta 1955. urtean, 3.mailara igoera lortu zuen bere historian lehenengo aldiz. Urte asko eman zituen maila hori eta azpikoa tarteratuz, eta horrela, 1991. urtean, taldea 2.B mailara igo zen, estatuko hirugarren mailarik altuenera, historian lortu duen mailarik altuena. Bi urte eman zituen bertan, talde ezagun askoren aurka indarrak neurtuz eta zelai historiko ugari bisitatuz. Urte ederrak izan ziren, baina 1993. urtean maila galdu eta klubaren ziklo distiratsuena amaitu zen.

XX. mendearen bigarren erdiko ibilbideari esker, historia handia hartu zuen beraz, eta bai Gipuzkoan, baita Euskal Herri osoan ere, talde ezaguna eta errespetatua da.

            1991 urtean, CD Hernani, Txantxilatik Zubipera aldatu zen. Karabel auzoan dagoen zelaia, Gipuzkoako zelairik handienetakoa da; belar artifizialekoa -hasieran belar naturala-, 600 pertsonentzako harmaila duena eta 2015-2016 denboraldian klubeko 15 taldeen etxeko partiduak jokatzen diren zelaia.

Ondorengo urteetan taldea 3.mailan ibili zen, baina, mende aldaketarekin batera, gaur egun Ohorezko Erregional Maila bezala ezagutzen dugun mailan finkatu da, Gipuzkoa mailako futbol-kategoriarik altuenean. Bertako talderik indartsuenetakoa dela erakutsi du azken urteotan, denboraldiz-denboraldi sailkapenaren goiko postuetan igoeraren borrokan ibilita. Hori horrela, 2010-2011 denboraldian, azken jardunaldian Arrasaten lortutako garaipenari esker, ligako 1. postua lortu eta urte askoren buruan berriro ere 3.mailara igoera lortu zuen. Urtebete iraun zuen bertan, izan ere, gaur egun 3.mailan talde erdi-profesionalak dabiltza eta zaila da bertan lehiatzea, baina, CD Hernaniren izena berriro ere Gipuzkoatik kanpora zabaltzeko balio izan zuen.

Azken urteetan, taldea berriro ere Ohorezko Erregional Mailan dabil, urtero helburu duen 3.mailara igoera lortzeko borrokan. Baina, kirol arloaz haratago, kluba etengabe hazten eta aldatzen ari da. Alde batetik, 45 urte baino gehiago CD Hernanin lanean igaro ondoren -azken 21 urtetan presidente karguan-, Ricardo Ramosek bere ibilbideari amaiera eman zion 2015eko martxoan. Denbora luzez klubaren alde lanean aritu zen eta aipatutako kirol-urte oparoenak Ricardo buru zela etorri ziren. Horregatik, CD Hernaniren parte betirako izateaz gain, oso pertsona maitatua da Zubipen, eta astebururo jarraitzen du bertara jeisten, taldeak, jokalariak, entrenatzaileak eta klubeko ordezkari berriak animatzera. Esan bezala, 2015 urteko martxoan kargua utzi zuen eta haren ordez Martxelo Ezponda buru duen zuzendaritzak hartu zuen testigua.

Bestetik, emakumezkoen futbolaren gorakadak, klubean ere eragina izan du. 2000. hamarkadaren hasieran emakumezkoen lehen talde bat osatu zen eta urte askotan, futbolean aritu nahi zuten emakumeek bertan jokatzen zuten. Urte zailak izan ziren emakumezkoen futbolerako, ez baitzuen indar haundirik, are gutxiago gaur egun duen antolakuntza eta baliabiderik. Baina, gutxinaka hazitzen doa, nahiz eta oraindik mutilen futbolaren baliabide edo jarraipenarekin zerikusirik ez duen, gero eta neska gehiago dira futbolera hurbiltzen direnak; eta CD Hernanin ez da gutxiago izan.

Lehendabiziko urteetan Markosen lanari esker, baina, batez ere, 2010 inguruan Ion Zabaletaren -geroago, mutilen lehen taldeko entrenatzaile ere izandakoa- proiektu eta apostuari esker, klubean emakumezkoen futbola izugarri hazi da, gaur egun, infantiletatik hasi eta senior mailararte taldeak ditugularik. CD Hernanin, guztira ia 100 emakumek jokatzen dute futbolean eta 2012 urteaz geroztik, lehen taldeak Euskal Ligan lehiatzen du, Euskadiko mailarik gorenean.

Horiekin batera, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen futbol talde kopurua du CD Hernanik: guztira 15 taldek osatzen dute klubaren futbol sekzioa. Gaur egun, mutilen alebin taldea, infantilen 5 talde, kadeteen 3 talde, jubenilen 2 talde eta seniorren 4 talde daude, gaztetxoen Futbol Eskolaz gain. Guztira 500 jokalari inguruk osatzen dute futbol sekzioa; Gipuzkoa mailan, kopuru aldetik klub handienetakoa da.